2016/10/26

«Mendizaletasuna galtzeko zorian gaude; esnatzeko garaia da»

Mendizaletasunean etena gertatzen ari da belaunaldien artean. Gero eta zailagoa da haurrak mendira erakartzea. Gaiari buruzko diagnostikoa eta proposamenak egin ditu Luix Mari Zulaikak, Gipuzkoako Mendi Federazioaren laguntzarekin.

 GMF Gipuzkoako Mendi Federazioko lizentzien kopuruak gorakada nabarmena izan du aurten: 14.800ekoa zen iaz eta ia 500 gehiago lortu ditu aurten. Gipuzkoako federazioen artean mendikoak du lizentzia gehien, baina haurren artean zaletasunak beherakada nabarmena izan du azken hogei urteetan. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, Luix Mari Zulaika EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakasleak (Zarautz, Gipuzkoa, 1965) egitasmoa aurkeztu berri du haurren artean mendizaletasuna sustatzeko, GMFren babesean. BERRIAk Zulaika eta Tetxus Barandiaran GMFko kudeatzailea (Donostia, 1956) elkartu ditu, gogoeta egiteko.


Elkarrizketa osoa irakurtzeko, egin klik!

2016/10/11

2016ko URRIA: EUROPAKO TONTORRAK

Asteburu luzea hautatu genuen Europako Tontorretatik trabesia bat egiteko, hiru egunetakoa hain zuzen ere. Ostegunean egin genuen bidaia eta ostiraletik igandera bitarte, harkaitz garaien artean ibili ginen.


Inguru aparta, eguraldi atsegina eta taldearen umore ona izan ziren berriz ere protagonistak. Antolatzaileek bikain egin zuten lana, hiru egunetan zehar bide luzea lotuz, eskerrik asko!

Bizitako momentuak norberak bere me-morian gordeko ditu: botak bere tokian uzteko nahia, dutxa epelak, mezu elektroniko motibagarriak, txisteak, mahai jolasak, palmeratzarrak...


Ikusitakoa gogoratzeko berriz, hemen duzue argazki bilduma!


Egindako bidearen gora beherak:

1. eguna
2. eguna
3. eguna

Trabesia osoa



2016/09/20

"MENDIAK", EUSKAL HERRIKO MENDIEN APLIKAZIOA

Euskal Herriko mendizale guztiei zuzendutako aplikazioa da, doakoa eta euskaraz. Euskal Herriko 1.500 mendi ezagunenen katalogoa biltzen du, eta mendizaleei bere igoera guztiak markatzeko aukera emango dio, eta bere historial osoa gordetzekoa: zein mendi igo duen, noiz, zenbat aldiz. Horrekin batera, mendi bakoitzaren argazkiak eta iruzkinak gehitzeko aukera ere badago, eta informazio guztia lagunen artean partekatzekoa. Android dendan jaitsi dezakezu.
Mendizale guztientzat dago pentsatua, baina batez ere mendizale arruntenentzat, asteburuetan lagunartean edo familian bere herri inguruko mendiak igotzen dituzten horientzat. Eta aplikazioa lagungarri izatea mendizaletasuna eta naturzaletasuna sustatzeko orduan. Horretarako, saiatu gara ahalik eta aplikazio erraz eta erabilgarriena sortzen, edozein erabiltzailek arazorik gabe erabili dezan. Diseinua eta alderdi grafikoa bereziki zaindu dira, aplikazioa intuitiboa eta argia izan dadin.


  Android gailuetarako garatu dugun aplikazioaren helburu nagusiak hauexek dira:
  • Alde batetik, Euskal Herriko mendien inguruko informazioa biltzea aplikazio bakarren. Euskal Herri osoko 1.500 gailur nagusien informazioa aurkituko duzu, fitxa, garaiera, datu, argazki eta kokapenarekin.
  • Bestetik, eta honetarako da aplikazioa, norbere mendi-igoerak markatu eta gordetzeko balio du Mendiak aplikazioak, eta igoera guztien estatistika eta datu historikoak gordetzeko.