2020/12/30

URTE BERRI ON, ZIZKIÑOKIDE!

 Egutegia bete gabe uzten

Zizkiño bada trebea,

aurten record-a hautsi badugu

errua ez da gurea.

Sagardoa edan, dantza ta farra

egin genuen azkena,

asteburu hartan egosi egin zen

gerora etorri zena.

Irrifarre egin

Zizkiñorekin.

Hiru hilabetez, iluntasuna

etxean konfinatuta,

mendi tontorreko ikuspegiak

ta haize freskoa ahaztuta.

Tabernak itxi zituztenetik

zenbat jende doan mendira,

Zizkiñon ere bazkide berri

pila bat egongo dira.

Irrifarre egin

Zizkiñorekin.

Data ezin jarri baina gogotsu

denok berriz elkartzeko,

motxilak hartu ta botak jantzi

ta mendietaz gozatzeko.

Atzean utziz birus gaixotasun

egonezinak ta penak,

elkarbizitza ta besarkadak

gure txertorik onenak.

Irrifarre egin

Zizkiñorekin.

Ta bitartean ondo bukatu

badoan urte eroa,

bi mila eta hogeita bat-a

izan dadila oparoa.

Urte berri on zizkiñokide

eutsi orain arte bezala,

aurrerantzean betiko legez

bideak elkar gaitzala.

Irrifarre egin

Zizkiñorekin.

Urte berri on, Zizkiño!

Egileak: Xabi "Bizki" eta Mikel.

Doinua: "No woman, no cry" (Bob Marley)