2015/12/27

URTE BERRI ON ZIZKIÑOZALE!!





Abendua bukatzera doa

balantzerako tartea,

lehenengo irteera Zubialdera

ta Ubidean jatea

Soriako “Laguna” beltz-zuria

elurtea zen izugarria,

lortu genuen jeistea.

Martxoan Aramaio aldera

sagardo fresko berdea

eta kolore anitzekoa

izan zen Mendi-Astea

Donostia-Orio kostalde urdina

Midi-ren grisa ederra jakina

Zizkiñorentzat urtea

dago kolorez betea.








Urterik urte haundituz doa

Zizkiñokideen koadrila

jantzi zuk ere mendiko botak

hartu pioleta, makila

gure abenturen iturria

badugu egutegi berria

hor duzu plan borobila.

Mendi talde txikia izanik

nortasuna dugu umila,

baina ziurtatuta dituzu

lagun ta emozio pila

bi mila ta hamaseigarrena

ate joka hortxe datorrena

urte ona izan dadila

beti gailurraren bila.
 
Egilea: Xabi "Bizki"
Doinua: Izarren hautsa


2015/11/11

2015eko AZAROA: TXANGO MIKOLOGIKOA

Egun ederra atera zen
eguzkitsu ta beroa
ia sinistu ezinik
jada zela azaroa.
Labana, saskia hartu
ta arakatuaz basoa
han amanita, rusula,
aizu ta hortxe onddoa!
Jonek prestatu egin zigun 
bazkari eder gozoa
mahai inguruan guztiok
gozatzea zen asmoa
haur, gazte eta helduak
batera koadrila osoa
perretxikoen modura
Zizkiño ugalduz doa

Egilea: Xabi "Bizki"
Doinua: habanera


2015/10/19

2015eko URRIA: IPARRALDE BTT


Udazkena urtarorik aproposena ohi da Irati bezalako txokoetara hurbiltzeko. Bertan egin genuen Zizkiñoko bizikleta irteera, Iratiko basoan barrena, hegoaldea eta iparraldea zirkular batez lotuz.  

Larunbateko eguraldi ona aprobetxatuz, Irabiako urtegira hurbildu eta aurrera jarraitu genuen, iparraldera pasa eta berriz ere Iratiko Etxeetara itzuliz. Paraje ederrak, eguraldi atsegina eta lagun talde bikaina.

Hemen dituzue jasotako argazkiak!


ANAYET INGURUA ETA BERE BALKOIAK


Anayet inguruak ibilbide ezberdinak egiteko aukera ematen duenez, horretaz baliatu ginen. Denok igo ginen Anayeteko lakuetara eta hortik aurrera bi taldetan banatu ginen. Hiru, inguruko tontorretan trabesia egitera joan ziren, hainbat gailur lotuz. Beste hirurek Anayet tontorra eskalatu zuten, "Anayeteko balkoiak" izeneko bidetik.

Trabesia: Vertice, Garmo de Izas, Arroyeras...

Anayeteko balkoiak.


Yesako termak. Etxerako bidean atsedena hartzeko toki aproposa.



2015/09/26

2015eko IRAILA: MIDI D´OSSAU TONTORRARI ITZULIA


Tontorreraino iritsi ez baginen ere, asteburu biribila osatu genuen Midiari itzulia emanez. Batzuentzat lehenengo trepadatxoak izan ziren eta gustura geratu ginen egindakoarekin. Berriz ere, taldearen umorea eta gure arteko giroa azpimarratzekoa izan ziren.

Hemen duzue argazki bilduma. Asteburu bikaina pasa eta pasarazi duzuelako, mila esker guztioi!


2015/08/30

2015eko ABUZTUA: DONOSTIA - ORIO


Donejakue bideak Donostia eta Orio elkartzen dituen bidetik abiatu ginen egun pasa atsegina pasatzeko asmoarekin. Beroa protagonista, itzalen bila joan ginen eta Orioko hondartzan hartutako bainua eskertzekoa izan zen. Hemen duzue txangoaren bideoa!


2015/07/08

VIGNEMALEKO ARISTAK


Pyrenaica aldizkariko ale batek eman zigun ideia eta beste blog batean topatutako proposamenak borobildu zuen gure asmoa. Vignemalera igotzeko irrikitan geunden eta horretarako Gaube bailara aukeratu genuen. Oraingo honetan Oulettes lepotik hasten den aristatik iritsi ginen tontorrera eta Petit Vignemalera jaitsi ginen Chausenquen hasten den beste arista batetik. Mendebaldetik ekialdera zeharkatu genuen glaziar-zirkua.

Hurrengo bideoan ikus dezakezue gure bi egunetako txangoa!





2015/06/08

GASTEIZKO MENDIAK

Mikel indarrak hartzen Okina herrian.


Xabi, arropa aldatzeko unea.
Esti... ama beti ama.
Okinara iritsi bai, baina hortik etxera.
Mikel helmugara iristen. Irribarrea ez da galdu behar!
Jon eta Aitzol. Txikiaren lehenengo mendi froga.
Itziar ere indartsu ibili zen.






2015/05/11

ALOÑA edo AITZKORRI? ZERGATIK EZ BIAK?

Arrazoi ezberdinak genituen ibilbide hau egiteko: ezagutu gabeko tontorrak zirela, bi mendilerro hauen lotura egiteko gogoa, kilometroak egiteko beharra... Motibazio ezberdinak euki arren, batean ados geunden: mendira joateko gogoak. Goazen!


2015eko MAIATZA: UNGINO

Talde txikia bildu genuen azken txango honetan. Tontorrak bazuen berezitasuna, "burdin" bidetik joateko asmoa baikenuen. Eguraldia zalantza izan arren txintxo portatu zen gurekin eta ibilbide osoa egiteko aukera izan genuen. Argi dago askotan ez dugula urrutira joan behar horrelako bideak egiteko.


2015/04/27

ZIZKIÑO MENDI JARDUNALDIAK 2015

Aurtengo MENDI JARDUNALDIAK iristear daude, oraingo honetan bi emanaldi eskaintzen ditugu. Kontuan hartu hurrengo datak!




2015/04/10

UDABERRIA ELURRETAN


Udaberriari hasiera emateko Tena bailarara hurbildu ginen lau Zizkiñozale. Portalet inguruan ibili ginen hasieran, Canal Roya eta Peña Blanca tontorretara igota. Ondoren, Anayet ingurura hurbildu ginen bertan dauden hiru tontorretara iritsiz: Espelunciecha, Vertice eta Arroyeras. Bikain pasa genuen, eguraldia lagun izan genuelarik. Elurrak iraungo al du? Hemen dituzue argazkiak.


2015/03/22

KORRIKA MARTXAN DAGO!

 
Kaixo Zizkiñokide,
KORRIKA abian da eta Zigoitiko errepideetatik datorren martxoaren 28an pasako da.
Zizkiñoren kilometroa 2241.a izango da, Etxabarri Ibinatik datorren errepidetik Berrikano herrian sartu baino lehen hartuko dugu lekukoa eta Berrikano herriraino helduko gara (mapan ikusi dezakezue gutxi gora behera gorriz markatuta).
Ordua, arratsaldeko 16:45tan.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!!
 
 

2015/03/15

2015eko MARTXOA: BESAIDE eta SAGARDOTEGIA

Eguraldiari aurre eginez, zizkiñozaleak berriz elkartu ziren egunpasa eder bat disfrutatzeko asmoz. Eta merezi izan zuen, txangoa mahai baten inguruan bukatuko zela jakinda... eta kupelen inguruan, noski.
Lokatzetan ondo ibili eta gero, garbitu, dotore jantzi eta sagardotegian bukatu zen ibilaldia. JANA NON, ZIZKIÑO HAN. On egin, TXOTX!!


2015/03/10

KORRIKA 19

Kaixo Zizkinokide,
Dakizuen bezala, hilabete honetan KORRIKA 19 ospatuko da, Euskal Herriko herri guztietan zehar euskararen alde egingo den lasterketa.
Martxoaren 14ean Urepelen hasi eta martxoaren 29an Bilbon bukatuz.
Zigoitiatik martxoaren 28, larunabat arratsaldean pasako da, eta beste urteetan bezala, Zizkino mendi taldetik korrika eta euskara lagundu nahi dugu kilometro bat erosiz eta lasterketan parte hartuz.
Gure kilometroaren inguruko informazio gehiago dugunean bidaliko dizuegu.
Momentuz kilometro hori erosten lagundu nahi baduzue, zuen aportazio txikia gure kontu korrontean diru sarrera eginez egin dezakezue: 
LABORAL KUTXA: 3035 0222 11 2221018187 

ANIMA ZAITEZTE ETA PARTE HARTU!!

2015/02/04

2015eko OTSAILA: SORIA

Aurtengo neguko irteera negu gorrian egin genuen Soria aldean. Moncayo eta Urbion mendietara joan nahi genuen baina elurrak errepideak estali zituen eta mendiak urrun geratu zitzaizkigun. Hasierako asmoak bete ez ziren arren, larunbatean Aintzira Beltzera egin genuen txangoa.

Ibilbide lasaietan ere hamaiketakoa oinarrizkoa da.

Indarrak hartuta, bagoaz aurrera.
Elurra mara-mara...
Bi edo hiru?

Iritsi gara!
Bainujantzia honaino ekarri eta gero...
Azken aldapatxoa.
Eskailerak ez ziren ikusten.
Baina non dago?
Hementxe!
Taldeko argazkia. Iñakik beste tramankulu bat eraman zuen baina...
Laura goraino igo zen. Motxila aurrean zeraman.
Aintzira Beltza edo Zuria?
Agian aurrerago joan gaitezke, ezta?
Esti eta Ceci. Poliki baina goraino. A ze parea...
Gora edo ez?
  
Imaginatzen nuena... gora!
...
Goitik ikusita.
Ederra parajea!
Igoera motza egin genuen baina polita.

2015/01/25

GORBEA... ESKIEKIN!

Larunbatean hiru zizkiñozale elkartu ginen Gorbeara igotzeko asmoarekin. Eskiekin joateko irrikitan geunden eta azken elurteak emandako aukera ondo baino hobeto aprobetxatu genuen. Gorbea txuriz jantzita eta guretzako esperientzia berria. Batzutan ez da urrutira joan behar mendiko eskia egiteko!