2017/09/25

2017ko IRAILA: COLLARADA ETA ACUE

Acue tontorretik Oza aldera.

Aragoi ibaiak sortzen duen bailaran sartu eta bertako tontor garaienera igo ginen txango honetako lehenengo egunean. Modu honetan ezagutu genuen Ip-eko bidea, lakua eta aldapa gogor baten ondoren aurkitzen den Collarada mendia. Bide luzea izan arren martxa onean ibili ginen eta bideaz gozatzeko aukera izan genuen, eguraldi ona lagun. Batzuk lakuan indarrak hartu eta buelta eman zioten, plan ona hori ere.

Igandean berriz, Frantzia aldera pasa eta Forges de Abel-etik Acue mendira igo ginen, Canfranc eta Oza artean dagoen mendi ezezaguna baina denon gustukoa suertatu zena. Bitartean, talde txiki bat Candanchutik Estanes lakura ezagutzera hurbildu zen Turaren konpainia atseginean.

Asteburu borobila osatu genuen eta bildutako 28 lagunak nekatuta bezain gustura itzuli ginen etxera.

Eskerrik asko denoi, txiki eta handi, txango honetan parte hartu izanagatik. Bidea ederragoa da konpainia ona denean!

Hemen duzue argazki zerrenda txiki bat. Guztiak ikusteko, badakizu, egin klik.

Hurrengora arte!

Ip-eko basotik atera eta lakura iristen.
Maldari ekin aurretik, atsedena hartzen. Bai, bai... hortik da.
Belaunaldi ezberdinek mendian egin zuten topo.
Okerrena eginda dago!
Behean geratuta ere, ederki, kontu kontari.
Edo lakuari buelta ematea.
Zer, igeri egiten pasako al gara?
Bitartean... tontorrera iritsi ginen!

Espelunguere ur jauzia, 2. eguna.
Lehenengo lepoan, atsedena hartzen.
Lepotik lepora, gutxi falta da.
Asteburuko 2. tontorra, Acue.
Oinak freskatzen, asteburua amaitzear dago.