2017/12/31

2017. URTEARI, AGUR!


Aurten ere elkartu gara urte zaharra agurtu eta datorrenari ongi etorria emateko. Oraingo honetan Orisol mendia aukeratu dugu egutegiko azken eguna ospatzeko.

Urteak eman duena motxilan sartuta, badugu egutegi berria. Bideak elkar gaitzala berriz ere!










URTE BERRI ON, ZIZKIÑOKIDE!

Izan daiteke gailur bat
txapel elurtuarekin,
izan daiteke zelaia
aterpe txiki batekin.
Izan daiteke basoa
izei eta pagoekin,
izan ahal da giro bero
epel edo hotzarekin.
Izan daiteke korrika,
oinez, bizikletarekin,
izan daiteke egunpasa
edo bi egun elkarrekin,
zein ederra den mendia
konpartitua zuekin.

Egia esanda Zizkiñon
dauzkagu defektu mila,
egutegia ez betetzen
gara mendi klub abila.
Galduta ibili ohi gara,
bide zuzenaren bila
etxean noiz itzuliko
piolet eta kranpoi pila.
Urte berriari begira 
nire eskaera umila,
2018a
berriro izan dadila,
inperfekzioz jositako
beste urte borobila.

URTE BERRI ON ZIZKIÑO!

Doinua: ETAren su-etenetik
Egileak: Xabi "Bizki" eta Mikel. 


2017/11/27

ZIZKIÑO+OKETA ETA BAZKARIA+URTEKO BILERA

Urtero legez eta hurrengo egutegia lotzeko asmoarekin, bilera egin genuen aurreko igandean. Aurten berritasun batekin gainera, izan ere, goizean mendira eta ondoren bazkaria egin baikenuen.

San Pedrora hurbildu eta bertatik Oketara joan ginen. Ondoren, basoa zeharkatu eta Zizkiñora iritsi ginen, gure mendi taldeari izena ematen dion gailurrera, alegia.

Zizkiño Zizkiñon.

Goiza borobiltzeko, mahai inguruan elkartu ginen sukaldariek prestatutako jaki goxoak dastatzeko irrikiz. Tripa beteta, bilerari ekin genion.

Hementxe dituzue eguneko argazki batzuk.















2017/11/12

2017ko AZAROA: TXANGO MIKOLOGIKOA

Beste urte batez azaroan irteera mikologikoa izan dugu Zizkiñon. Zoritxarrez aurten ordea, onddoak eta perretxikoak ez dira Zigotia aldean jarritako hitzordura agertu. 

Muruako harrobitik abiatu eta han inguruko basoetan ibili ondoren Oketako gailurrera igotzea erabaki genuen, baina bidean ez genuen zorte handirik izan.

Hala ere, badaezpada aurretik bazkari ederra genuen prestaturik, eta Zestafeko txokoan ederki asko ibili ginen mendian ibilitakoak eta baita bazkarira etorri ziren guztiak ere.







2017/10/30

2017ko URRIA: MENDAUR ETA ARTIKUTZA

Berriz ere bidea laino artean egitea egokitu zitzaigun Arantza inguruko bideak ezagutzeko. 

Larunbatean aurreikusita zegoen bidea laburtu eta Mendaur tontorrera igo ginen. Hori bai, bi taldekide itzuli osoa ematera animatu ziren. 

Igandean berriz, Artikutza aldera joan ginen beste alde hori ezagutzeko asmoz. 

Salda, garai bateko musika eta txiribuelten artean pasa zitzaigun asteburua. Hurrengo topaketan zizak eta onddoak dastatuko ditugu... edo txanpiak?

Hemen dituzue argazki batzuk. Bilduma osoa ikusi nahi baduzue, egin klik!









2017/09/25

2017ko IRAILA: COLLARADA ETA ACUE

Acue tontorretik Oza aldera.

Aragoi ibaiak sortzen duen bailaran sartu eta bertako tontor garaienera igo ginen txango honetako lehenengo egunean. Modu honetan ezagutu genuen Ip-eko bidea, lakua eta aldapa gogor baten ondoren aurkitzen den Collarada mendia. Bide luzea izan arren martxa onean ibili ginen eta bideaz gozatzeko aukera izan genuen, eguraldi ona lagun. Batzuk lakuan indarrak hartu eta buelta eman zioten, plan ona hori ere.

Igandean berriz, Frantzia aldera pasa eta Forges de Abel-etik Acue mendira igo ginen, Canfranc eta Oza artean dagoen mendi ezezaguna baina denon gustukoa suertatu zena. Bitartean, talde txiki bat Candanchutik Estanes lakura ezagutzera hurbildu zen Turaren konpainia atseginean.

Asteburu borobila osatu genuen eta bildutako 28 lagunak nekatuta bezain gustura itzuli ginen etxera.

Eskerrik asko denoi, txiki eta handi, txango honetan parte hartu izanagatik. Bidea ederragoa da konpainia ona denean!

Hemen duzue argazki zerrenda txiki bat. Guztiak ikusteko, badakizu, egin klik.

Hurrengora arte!

Ip-eko basotik atera eta lakura iristen.
Maldari ekin aurretik, atsedena hartzen. Bai, bai... hortik da.
Belaunaldi ezberdinek mendian egin zuten topo.
Okerrena eginda dago!
Behean geratuta ere, ederki, kontu kontari.
Edo lakuari buelta ematea.
Zer, igeri egiten pasako al gara?
Bitartean... tontorrera iritsi ginen!

Espelunguere ur jauzia, 2. eguna.
Lehenengo lepoan, atsedena hartzen.
Lepotik lepora, gutxi falta da.
Asteburuko 2. tontorra, Acue.
Oinak freskatzen, asteburua amaitzear dago.