2017/10/30

2017ko URRIA: MENDAUR ETA ARTIKUTZA

Berriz ere bidea laino artean egitea egokitu zitzaigun Arantza inguruko bideak ezagutzeko. 

Larunbatean aurreikusita zegoen bidea laburtu eta Mendaur tontorrera igo ginen. Hori bai, bi taldekide itzuli osoa ematera animatu ziren. 

Igandean berriz, Artikutza aldera joan ginen beste alde hori ezagutzeko asmoz. 

Salda, garai bateko musika eta txiribuelten artean pasa zitzaigun asteburua. Hurrengo topaketan zizak eta onddoak dastatuko ditugu... edo txanpiak?

Hemen dituzue argazki batzuk. Bilduma osoa ikusi nahi baduzue, egin klik!









2017/09/25

2017ko IRAILA: COLLARADA ETA ACUE

Acue tontorretik Oza aldera.

Aragoi ibaiak sortzen duen bailaran sartu eta bertako tontor garaienera igo ginen txango honetako lehenengo egunean. Modu honetan ezagutu genuen Ip-eko bidea, lakua eta aldapa gogor baten ondoren aurkitzen den Collarada mendia. Bide luzea izan arren martxa onean ibili ginen eta bideaz gozatzeko aukera izan genuen, eguraldi ona lagun. Batzuk lakuan indarrak hartu eta buelta eman zioten, plan ona hori ere.

Igandean berriz, Frantzia aldera pasa eta Forges de Abel-etik Acue mendira igo ginen, Canfranc eta Oza artean dagoen mendi ezezaguna baina denon gustukoa suertatu zena. Bitartean, talde txiki bat Candanchutik Estanes lakura ezagutzera hurbildu zen Turaren konpainia atseginean.

Asteburu borobila osatu genuen eta bildutako 28 lagunak nekatuta bezain gustura itzuli ginen etxera.

Eskerrik asko denoi, txiki eta handi, txango honetan parte hartu izanagatik. Bidea ederragoa da konpainia ona denean!

Hemen duzue argazki zerrenda txiki bat. Guztiak ikusteko, badakizu, egin klik.

Hurrengora arte!

Ip-eko basotik atera eta lakura iristen.
Maldari ekin aurretik, atsedena hartzen. Bai, bai... hortik da.
Belaunaldi ezberdinek mendian egin zuten topo.
Okerrena eginda dago!
Behean geratuta ere, ederki, kontu kontari.
Edo lakuari buelta ematea.
Zer, igeri egiten pasako al gara?
Bitartean... tontorrera iritsi ginen!

Espelunguere ur jauzia, 2. eguna.
Lehenengo lepoan, atsedena hartzen.
Lepotik lepora, gutxi falta da.
Asteburuko 2. tontorra, Acue.
Oinak freskatzen, asteburua amaitzear dago.

2017/08/27

2017ko ABUZTUA: SALPICO ETA CANDINA

Kantabrian kokatzen den inguru menditsu honetara hurbildu ginen udako oporraldiari amaiera emateko. Kostatik abiatu eta kostan bertan bukatu, hondartza eder eta lasai batean.

"Eta astelehenean... lanera!" Eskerrak astean behin bi egunetako oporrak izango ditugun!