2017/06/12

2017ko EKAINA: ORDUÑA INGURUTIK BIZIKLETAN

Asteburu polita bizi izan dugu, eguraldia lagun nahiz eta eguzkiak ondo berotu duen.
 
Larunbatean Gasteiztik atera eta Langraitzetik pasa eta gero, Aprikano, Jokano eta La Luna-tik igarota "Salto del Nerbio"-ra iritsi ginen, Han atseden hartu, paisaiaz gozatu eta gustura bazkaldu genuen. Pistatik Untzagara heldu eta azkar-azkar aldapan behera Urduñan azaldu ginen.

Igandean Urduñatik atera eta La Barrerillan gora azkar izerditu genituen larunbat gaueko poteak. Handik Izarrara eta hamaiketakoa egiteko geldialdia. Izarratik atera eta Gilierna, Lukiano, Aperregi eta Domaikia herriak bisitatu genituen. Berriro ere aldapa gora Badaiako mendilerrora igotzeko eta jaitsiera azkarra Oto Goienera. Handik Gasteizera asteburuari amaiera emateko.

Eskerrik asko Telefurgo gidariei eta antolakuntzari egindako lan paregabeagatik. Hemen duzue argazki bildumaren arrasto batzuk. Argazki guztiak ikusteko egin klik!











2017/05/21

2017ko MAIATZA: KANTAURI MENDILERROA

Arabako hegoaldean ere bisita merezi duten mendiak badaudela ziurtatu genuen egindako zirkular honekin.

Lagran herritik San Tirso mendira abiatu ginen baso eder batetik sartuta. Gora-behera batzuk igarota, basotik atera eta kresta batean agertu ginen. Hemendik ikusmira bi aldetara zen, iparraldera eta hegoaldera; pagadia eta hariztia.

Beti ere krestaren goiko aldetik, Peña del Leon tontorrera iritsi ginen. Ondoren, basoan berriro sartu eta Lagranera buelta.

Tira, ohikoa den moduan, bost ordukoa zena zazpikoa bihurtu zen. Baina egindakoarekin gozatu genuen eta hori ez da denboran neurtzen. Hurrengorako bide luzeagoa egiteko plana aurreikusi genuen. Beteko dugu hitza?










2017/04/20

ASTE SANTUA 2017: CASTELLON - TERUEL


Esperientzia polita bizi izan dugu Aste Santuko egun hauetan Castellon eta Teruel ingurura joandako sei Zizkiñokideok. 
Ostegunean Gasteiztik goiz atera eta eguerdirako Castellongo Segart herrira iritsi ginen. Bertatik hasita, Garbi mendira igo ginen. Igoera benetan ederra eta tontorretik Valentziako kostaldearen ikuspegiaz gozatzeko aukera eman ziguna.  

Igoeran zehar zenbait momentutan haitzetan gora egin behar izan genuen.
Gailurrera heldu eta… ikuspegi ederra!


Ostiralean berriz, goizean goiz hasi genuen gure mendi-martxa, aurretik zenbait ordutako ibilbidea baigenuen Espadan mendilerroan zehar. Bertako zazpi tontor egin genituen, horien arten Espadan gailurra bera.


Apirilak 14 Errepublika Eguna! Guda Zibileko trintxeren artean ibili ginen, eta hona hemen garai hartako gudari errepublinoei egindako omenaldia.
Haitz ederrak bidean zehar topatu genituenak…
Espadan mendiaren gailurrean, atsedenaldia.


Larunbatean Penya Golosa-rantz abiatu ginen eta Castellongo mendi “mitiko” hau igo ostean, beste bide batetik jeitsi eta Carbo ibai ederra ezagutzeko aukera izan genuen, bere urjauzi eta guzti.


Hamaiketakoa egin eta ur freskoa hartzeko unea.



Penya Golosa-ko gailurra.

Carbo ibaia…bertan gutako batzuk bainu “freskagarria” hartu genuen.

Eta beheruntz, azken kilometroak ibaiaren ondotik.


Igandea berriz lasaitsaunez hartu genuen. Paseotxoa Montanejos herri ondoan dagoen ibilbidetik eta bainua Mijares ibaiaren ur epeletan.






Eta gure bidaia bukatzeko eta etxera bidean Teruel-eko Gudar mendilerroan beste ibilbide bat egiteko astia izan genuen. 




Eta bidean lagun berri bat egin genuen!