2017/01/09

«Mendia ukitzeaz ahazten gara askotan, eta ehundura pila bat ditu»

Juanjo Garbizu, «Slow mountain» filosofiaren sortzailea dela esan genezake. Izenburu hori darama bere bigarren liburuak, non «Monterapia» lehenengo argitalpenean jorratu zituen ideiak zabaltzen dituen.

Naiz-en elkarrizketa egin diote, hurrengo adierazpenak azpimarratuz:

«Lasai paseatzean eskuinaldeko hemisferioa pizten da. Horrek gure pentsamendu sortzaileak eta intuitiboak sortzen ditu»

«Postureo digitala izugarria da sare sozialen erruz. Zergatik ez duzu bailaraz gozatzen txiokatzen egon beharrean?»

«Kilian Jornet bezalako estralurtar bat iristen da eta Cervino bi ordutan egiten du, baina zuk badakizu zenbat kostatu zaizun. Errealitate faltsu bat sor dezakete horrelako egoerek»
   
Elkarrizketa osoa irakurtzeko, egin klik!




 

2017/01/01

2016. URTEARI, AGUR!

Txulato mendian esan diogu agur zahartu den urteari. Berokia, txanoa eta eskularruak hartuta ezagutu dugu tontor hau, lainoen artean berotu nahian. Postontziaren inguruan elkartu ezinik, gure lekua egin eta topa egin dugu elkarrekin.

Egutegi berria jaso dugu ondoren, ibilaldi berriak egiteko prest.

Eskerrik asko zizkiñokide, bidea batera egiteagatik. Halaxe izan dadila 2017.ean ere!







2016/12/24

URTE BERRI ON ZIZKIÑOKIDE!

Urtarrilean mantenduz
Ubideako ohitura
Otsailan Soria aldera 
hango mendi ta negura,
Martxoan ibilaldia
sagardoaren mundura
eta berriz Guadarraman 
ibili ginen gustura
Familia artean ta hondartzan
pasatu genuen uda
eta “Picos de Europa”-n
gora ta gora zerura
beti bezala Bizkaian 
jarri genuen helmuga
soilik urte bat izan da
baina hamaika abentura.

Hainbat nahi eta desio
urte berriari begira
erretzeari utziko diot 
hemendik eta gutxira
pasatuko naiz janari
osasuntsu ta garbira
bizikletaz joango naiz
egunero lantokira
etxea garbituko dut
astean bitan sikira
lana utziko dut eta 
Munduari eman bira
ez duzu ezer beteko
eta badakizu tira
behintzat hilabetean behin
zatoz gurekin mendira.

Doinua: habanera
Egilea: Xabi "Bizki"